[elhuyar_lang_selector]

Balearen egun biribila

Atzo, maiatzaren 14an, 125 urte bete ziren Orion balea harrapatu zenetik. Eskolan gogotik ospatu genuen, ez dira eta egunero horrelako urteurrenak betetzen.

Batetik, joan den hilean Sormen Bizian Lab tailerrean egin zituzten lanak erakutsi zituzten udaletxean. Ilustrazio eta narrazioak lantzen aritu dira Eneritz Ibarrarekin eta Nerea Loiolarekin balea gaitzat hartuta.

Bestetik, gela guztietan, balearen inguruko ipuin eta kontakizunak kontatu, irakurri eta partekatu dituzte egun hauetan. Irakurketa planarean baitan egunero hartzen da tarte bat irakurtzeko, eta astean behin, irakasleak irakurtzen diete ikasleei ahots goran.

Okasioa aprobetxatuz, balearen inguruko kontakizun, ipuin eta artikuluak irakurri dituzte aste honetan. Orioko baleaz harago, baleak eman du zeresana bazterretan: literaturan, kazetaritzan, ilustrazioetan eta, nola ez, baita bertsoetan ere. Horrelaxe bukatu genuen eguna, Orioko balearen bertsoak abesten.