[elhuyar_lang_selector]

Irakurketaren ulermena, diskalkulia eta musika tresnak

Eskolako ateak sartu-atera ugari izan ditu azken egunotan, bateko eta besteko adituak eta beste eskoletako irakasleak Zaraguetan egon dira.

Batetik,  ostegunean, “Ulermen Estrategiak DBH”n lantaldea bildu zen eskolan. Azken ikasturteetako erronka da irakurriaren ulermena nola hobetu, eta helburu horrekin Eraldatzen programako hainbat eskolarekin elkarlanean dihardugu. Aurrekoan, gainera, Jabi Azpitarte adituak azalpenak eman zituen, oraingoan ulermenaren ebaluazioan azpimarra eginez.

Bestetik, joan den bi asteazkenetan, diskalkuliari buruzko formazioa jaso zuen klaustro osoak Lorena Egidazu adituaren eskutik. Diskalkulia zer den eta zein esku-hartze eskatzen duen zehazten aritu ziren bi saio horietan.

Azkenik, joan den astean baita ere, Zumaiako Institututik etorri ziren Mikel Arroiabide eta Itziar Bikendi beren ikasleek egin duten proiektuaren posterra ekartzera. Hezkuntza, sormena eta dibulgazioa uztartzen ditu egitasmo honek, eta Soinuenearekin elkarlanean, musika-tresnen inguruko proiektua garatu dute, eta Wikiproiektu bihurtu.