[elhuyar_lang_selector]

Hamabosteroko bertsokoa

Astero-astero Iñaki Gurrutxaga Zubimendi eskolara etortzen da bertsolaritza irakastera. Azken urte hauen tankeran, LH5 eta LH6 geletara etortzen da, aste batean talde batekin aritzen da, eta hurrengoan bestearekin.

Esan beharrik ez dago ordu bete horretan ahozkotasuna, hiztegia, adierazkortasuna eta abar lantzen dituztela… eta, jakina, hizkuntzarekin jolasteko aprobetxatzen dutela. Etxeko lanak ere bidaltzen dizkie Iñakik, eta hamabosten eguneko tarte horretan egiten dituzte.

Iñakik dioen bezala, zeharka ere autokonfiantza, errespetua, jendeaurrekotasuna eta, nola ez, sormena ere lantzen dituzte. “Gustura ibiltzen gara batetik bestera, bertsolaritzaz gain euskara eta euskal kultura hedatzen laguntzen dugula ere jabe baikara.” Zentzu horretan, euskara hizkuntzaz gain, euskal erreferentziak ezagutarazten eta zabaltzen izugarrizko lana egiten dute Iñakik eta Bertsozale Elkarteko bere kideek.

Bertsolaritzan sarriago aritu nahi duenak badu herriko bertso eskolan segitzeko aukera ere, eta Zaraguetatik ere joaten dira zenbait ikasle. Aurten, Euskal Herriko bertsolari txapelketa ospatzen ari dela eta, sukarraldi betean daude bertsozaleak, eta ikasleek ere, bertso eskolan egindako porran jarri duten bezala, badituzte beren faboritoak. Nork irabaziko ote du txapela aurten?