Itzulpen
automatikoa

Sarrera

Orioko eskola publikoa gara.
Etxeko giroan hezi eta hazten
ditugu gure ikasleak, alai eta libre.

Juan Zaragueta Ikastetxe Publiko Integratua gara. Orion, HH2tik DBH4ra arteko hezkuntza ibilbidea eskaintzen duen herri eskola. Oriokoa, denona eta denontzat den eskola. Herritarren zerbitzura dagoena.

Orion errotutako eskola garenez, gure haur eta gazteak hezten ditugu gure eskola komunitatean.

Zaragueta eskola irekia eta hurbila da, tratu familiarra eta giro goxoa eskaintzen duena. Naturan, hondartzatik eta menditik gertu kokatuta dago.

Sarrera - Zaragueta Herri Eskola Orio

Zaraguetako langileen eta familien ardura da belaunaldi berriak helduarorako prestatzea, oinarri sendoak emanez, bizitza osoan zehar ikas dezaten. Zaragueta uztean ikasleak gai izango dira bizitza zentzuz bideratzeko, bideak hautatzeko, norberaren aukeren ardura hartzeko eta gizartean integratzeko, modu aktibo, kritiko eta arduratsuan.

Eskolako ikasle bakoitzaren gaitasun eta ahalmen guztiak balioesten ditugu, hori baita ikasle guztiek eskola-arrakasta eta arrakasta pertsonala lortzeko oinarria, haien gaitasunak eta ahalmenak onartzetik eta balioa ematetik hasita.

Berdintasunean, zuzentasunean eta justizian oinarritutako kultura etiko bat sustatzen dugu hezkuntza alorreko erabaki eta jarduera guztietan.

Orion errotuta gauden eskola garenez, une oro herri izaera lantzen dugu gure jardunean. Bertako sentituz, norbanakoaren atxikipen sentimendua sendotzea ezinbestekoa dela sinesten dugu, komunitateko kide sentitzen denak kolektiboa kontuan har dezakeelako.

Orio bezala, Zaragueta euskararen arnasgune da. Gure ikasleak euskaraz bizitzeko ekosistema sortzen dugu.

Gure Eskola - Zaragueta Herri Eskola