Itzulpen
automatikoa

Eskolaren Historia

Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza pertsonalizatua

Gure ikastetxea 1972an sortu zen, Orion eskola berria eraiki zenean, Abeslari kalean. Bertan Orioko eskolaumeak bildu ziren, Aiakoekin batera. Eskolak Juan Zaragueta jaunaren izena hartu zuen, Orion jaiotako apaiz pedagogo, filosofo eta pentsalariaren omenez.

Eskola sortu zen garaian euskal gizartean aldaketa handiak ari ziren gertatzen eta eskolak ahalegin handia egin behar izan zuen egoera berrira egokitzeko: euskarazko irakaskuntza, pedagogia-berrikuntza, gurasoen partaidetza eskolaren kudeaketan…

Egoera politikoak aukera eman zuenetik, Zaragueta Herri Eskolak bere lan-jarduna euskalduntzeari ekin zion, geroztik hori lortzea erronka handi bat izan da gure eskolarentzat. Artean irakaskuntza erabat gazteleraz ematen zen garaian, gure eskolak Gipuzkoako beste bostekin batera esperientzia bat jarri zuen martxan euskara sartzeko. Oso lan nekeza izan zen, baina gurasoen indarrari esker, bidea ireki zen, aurrena euskara gai bezala emateko, ondoren Haur Hezkuntzan B eta D ereduak ezartzeko, eta azkenik D ereduko ikastetxe bilakatzeko.

Euskara irakasteak berrikuntza pedagogikoa ekarri zuen berekin. Haurraren heziketaren inguruko azken pentsamoldeen ildotik lan egin zen: prestakuntza-ikastaro bereziak, Unibertsitatearen aholkularitza, arte- hezkuntzaren trataera berezia…

Herriko kultur giroak ere antzeman zion eskolako lan-jarduera berriari: abesbatza, kultur txangoak, antzerkia… Kiroletan goi mailako taldeak izan zituen, saskibaloian eta atletismoan. Eskolako gelak herriko taldeei ireki zitzaizkien, irakastorduetatik kanpo: dantza taldea, musika-entsaioak, arabiera-ikastaroa, euskara erakusteko gau-eskolak…

1983an ikastetxe berrira pasa ziren 3. mailatik gorako ikasleak, gaur egun dugun hondartza ondoko ikastetxera. Pixkanaka, ondorengo urteetan utzi ziren herri guneko bi eraikinak.

2013/2014 ikasturtetik, Zaragueta Herri Eskola Gipuzkoako lehen IPI Ikastetxe Publiko Integratua da. Orduz geroztik, Orioko ikasleek derrigorrezko hezkuntzaren hiru etapak, HH, LH eta DBH, herrian bertan eskola publikoan egiteko aukera dute.

Eta hortxe jarraitzen dugu, ingurune paregabean, gure aurrekoek zabaldutako bidea eginez eta Orioko herriari kalitatezko euskal eskola publikoa eskaintzen.

Eskolaren Historia - Zaragueta Herri Eskola