Itzulpen
automatikoa

2019-2020 IKASTURTEKO MATRIKULAZIO KANPAINA

ZARAGUETA HERRI ESKOLAK 2019-2020 IKASTURTEKO MATRIKULAZIO KANPAINA HASI DU, “DUDIK ETA GABE, ZARAGUETA” LELOAREKIN

Gaur egin dute aurkezpen prentsaurrekoa eskolan.

Urtero bezala, ohartzerako etorri zaigu matrikulazio kanpaina martxan jartzeko garaia. Rosa Velez zuzendariak esandako moduan, aurten aukeratutako leloa “Dudik eta gabe, Zaragueta” da. Honekin adierazi nahi dutena da, Orio Herriak duen Eskola publikoa Zaragueta dela, kalitatezko eskola dela eta zalantzarik gabe hori aldarrikatzen dutela.

Rosaren hitzetan, “Hezkuntzak herritar ororentzat oinarrizko eskubidea izan behar duela sinesten dugu, eta egunero gogor egiten dugu lan horren alde kalitatezko eskola publikoa izateko. Ikasleak hezten ditugu bizitzan eta munduan ondo molda daitezen. Bakoitzak bere bidean eta bere dohaiekin aurrera egiten ikas dezan”.

Matrikulazio epea urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra izango dute zabalik. Aurretik, Urtarrilak 24ean, ostegunarekin, bilera informatiboa egingo dute eskolan bertan 18:00etan. Saioa elebiduna izango da. Larunbat horretan, Urtarrilak 26, eskolako ateak zabalik izango dituzte 10:30ak eta 12:30ak artean, ikastetxea bertatik bertara ezagutu nahi duen ororentzat.

 

Eskolan, etxean bezala

Zaraguetaren ezaugarri bereizgarriena irakasle eta ikasleen arteko konfiantza eta gertutasuna da.

Leire Iruretagoiena, HHko arduradunak dioen moduan, “gurasoek beren seme-alabak eskolan matrikulatzen dituztenean, haurra ondo zainduta egotea nahi dute, eta hori da gure eskolan egiten duguna. Horretarako, ikasle ratio benetan onak ditugu, instalazio ederrak eta lan-talde inplikatua. Gure eskolan, haurrak etxean bezala sentitzen dira lehen momentutik. Zaraguetan, haur bakoitzak heziketa erabat pertsonalizatua jasotzen du. Horrek ezberdintzen gaitu; eta hori aurrera eramaten  dugu bai 2 urteko txikienekin eta baita 16 urteko ikasleekin ere. Honetaz gain, gure eskolaren izaera dela eta, guraso, ikasle eta hezitzaile denok ezagutzen dugu elkar, eta harremanak oso gertukoak dira ”.

Leirek, eskolako instalazioak eta ingurunea berdea ere nabarmendu ditu ikastetxearen balio bereizgarri gisa, “Eskolaren bueltan dugun ingurune natural eta berdeari esker, ikastetxeko txoko bakoitzetik natura usaindu daiteke; umeak hezteko, leku benetan sanoa da gure eskola”.

 

 Zaraguetan tinko eta brinko euskaraz

Joseba del Olmo guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan, Zaragueta eskolaren izaera euskalduna da guztiz. Euskara da irakasle, ikasle eta gurason artean gehien entzuten den hizkuntza. Euskalduntasunaz gain, ikastetxearen izaera markatzen duten beste balio batzuei ere egin die Josebak erreferentzia: inklusiboa, hezkidetzagilea, anitza, berritzailea, eleanitza, akonfesionala… eta noski, parekidea.

Orion, 2019ko urtarrilaren 17an

    Zaragueta_Logoa