EHUk, Euskal Herriko Unibertsitateak, eta HEIZEk, Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza elkarteen Federazioak, abiatutako lankidetza ibilbidearen baitan, Zaragueta herri eskolako harreman-sareak eta lankidetza-egiturak aztertzen ari da June Retegi bere doktoretza tesian.
Maitane Basasororen eta Rakel Gamitoren zuzendaritzapean, Junek hainbat hausnarketa saio bideratu ditu ikasturte honetan Zaraguetako klaustroan. Lehen bi hausnarketa saioen ondoren, aurrera begirako erronkak identifikatu eta hobekuntza plan bat zehazten arituko dira datozen hilabeteotan. Eskolaren harrera giroa, harreman sarea, lankidetza egiturak eta zaintzaren inguruko diagnosiaren ondoren ekingo zaio aurrera begirako erronken azterketari.
Bi erakundeek lankidetzan egiten dituzten horrelako proiektuak eskola publikoen sarean praktika onak zabaltzeko erabiltzen dira. June eta bere kideak arduratzen dira eredu izan daitezkeen praktikak aztertzeaz eta garatzeaz, eta HEIZE, eskola publikoen artean saretzeaz.