[elhuyar_lang_selector]

Pape Niang gure artean

Azken asteotan, gelan Afrikaren egoera, baliabide naturalen ustiapena eta multinazionalek kontinentean duten eragina latzen aritu gara. Herrialde askotan gertatzen diren desberdintasun ekonomikoak, kolonialismoaren ondorioak eta migratzeko arrazoiak sakon aztertu ditugu, eta horrek munduan gertatzen diren injustiziak hobeto ulertzen lagundu digu.

Testuinguru horretan, Pape Niang-en liburua; Hasiera berri bat irakurri dugu, Inor ez da ilegala proiektuaren baitan ARGIAk argitaraturiko lana. Liburuan Pape Niang-ek bere bizipenak kontatzen ditu: Senegaletik alde egin behar izan zuen egoera zaila, Mediterraneoa pateran zeharkatzeko arriskua eta Europara iristean bizi izan zituen zailtasunak. Liburuak errealitate gogor bat erakusten digu, baina baita ausardia eta bizitza berria eraikitzeko gogoa ere. 

Irakurketa amaitu ondoren, gure gelara bi gonbidatu berezi etorri ziren: Mikel Garcia Idiakez, liburuaren idazlea, eta Pape Niang, liburuko protagonista. Mikelek lehenik Pape aurkeztu zigun, eta bere historiaren laburpena egin zuen, nondik datorren eta zergatik erabaki zuen bere bizitza kontatzea. Gainera, azaldu zigun bera Argia aldizkariko kazetaria dela. Horrez gain, liburua idazteko prozesua nolako izan zen ere azaldu zigun: paperekin izandako elkarrizketak, etab. Ondoren, Pape bera hasi zen hitzegiten, eta bere ahotik entzun genuen liburuan agertzen den guztia: nola hartu zuen pateran sartzeko erabakia, ze arrisku bizi izan zituen bidean, eta nola iritsi zen azkenean hona bizitza berri baten bila.

Pape-ren kontakizuna oso hunkigarria izan zen. Bere ahotik entzutean, liburuan irakurritakoa, beste modu batean ulertu-jaso genuen. Gainera, guk egindako galdera guztiei gertutasunez erantzun zien, eta horrek, migratzaile askok bizi izan duten egoera hobeto ulertzen lagundu zigun. 

Azkenik, esperientzia oso aberasgarria izan da guretzat, alde batetik gelan Afrikako egoera politiko eta ekonomikoa, baliabide naturalen lapurreta eta multinazionalen eragina lantzen aritu garelako, eta bestetik benetako testigantza bat entzun dugulako, ikasitakoa bizitza errealarekin lotuz.

Malen Etxaniz Aduriz