Aurtengo ikasturtetik Talde Morea daukagu eskolan. Taldea DBHeko maila guztietako hainbat ikaslek osatzen dute, eta berdintasuna sustatu eta feminismoa lantzea dituzte xede nagusi.
Martxoaren 8aren harira, Ingrid Roig Guerrarekin eta Irena Maciejewski Torresekin elkartu gara.
-Zertan ari zarete?
Ba momentu honetan martxoaren 7ko greba eguna prestatzen ari gara. Horretarako bilera bat egin genuen otsailaren 27an Saregile Emakumeon* Etxean. Bada urte bete gutxienez, bi eskoletako neska batzuk Saregilen elkartzen garena, eskolan eta eskolatik kanpo ikusten ditugun arazoak komentatzen ditugu. Azkenaldian astero elkartzen gara, esanda bezala, martxoaren 8a prestatzeko.
-Behar handia sentitzen al duzue horrela elkartzeko?
Bai. Horregatik sortu dugu talde morea. Nagusienok badakigu informazioa gure kabuz aurkitzen, baina txikienek ez dakite hainbeste, eta azkenean, beharra ikusten genuen denok espazio seguru bat partekatzeko. Berez, hasieratik, DBHko ikasle guztiak, neskak eta mutilak, gonbidatu genituen. Azkenean talde polita sortu genuen DBHko maila guztietako neskekin.
– Zein dira zuen helburu zehatzak?
Gure asmoa taldeko partaideak eta eskola guztia sentsibilizatzea da: eskola espazio segurua den aztertzea, hizkera matxista datektatzea, mikromatxismoak identifikatzea eta, ahal den neurrian, eskola eta herri hobeago bat egitea, ez sexistagoa azken finean. Era berean, azkenaldian, lotsaren gaia lantzen ari gara. Pertsona guztiak ez daukate hainbeste indar esateko zer pentsatzen duten, zer diren eta abar… gainera, eskolan komentario txar batzuk egon dira taldeari buruz, eta horren ondorioz, neska batzuk lotsatu egin dira eta ja ez dira etortzen. Zentzu horretan, guk nahi diegu adierazi lotsa sentitzen duten horiei ez lotsatzeko ezertaz. Norbera den bezalakoa dela, eta ez dugula zertan ezer autoerreprimitu behar norbaitek komentario bat egin duelako. Besteak beste, horregatik eskaintzen dugu espazio seguru bat gure taldean, lasai hitz egiteko.
Bileretara etortzeko gonbita egiten diegu ikasle guztiei. Martxoaren 7rako hainbat gauza prestatzen ari gara bi eskoletako ikasleak elkarrrekin, animatu!
-Egun bereziez gain, martxoaren 8a eta azaroaren 25a adibidez, zertan ikusten duzue aportatu dezakezuela?
Inportantea da bai, egun bereziez gain, urtean zehar lanketekin segitzea. Hasiberriak gara, baina badugu intentzioa bestelako gauzak egiteko. Udazkenean, adibidez, eskolan aditzen genituen irain gordofobo, matxista eta xenofoboen zerrenda bat egin genuen, maila batzuetan halako dezente entzuten genituelako. Bestetik, esan beharra dago, bileretan ez dugula feminismoaz bakarrik hitz egiten. Norbait gaizki badago bere egoera kontatzen du eta laguntzen saiatzen gara. Horretarako ere badago taldea, elkar zaintzeko.