Gaur egun baserriek dituzten erronketara hurbiltzeko asmoz, joan den ostiralean bisita hori egitera joan ginen DBH 3. mailako ikasleekin.
Iritsi ginenean, Arantxa genuen gure zain. Lehenik eta behin bere burua aurkeztu zigun esanez bere aiton-amonak erosi ziotela baserria Bartzelonan bizi ziren konde batzuei.
Ondoren, baserriaren izenaren jatorria azaldu zigun. Dirudienez Pokopandegi izena gaztelaniazko “poco pan”-etik dator. Antza denez, garai batean baserriak arazoak zituen gariarekin ordaintzen ziren errentak ordaintzeko.
Aiton-amonak baserria erosi, eta bere aita izango da duela 45 urte baserriaren jarduera irauliko duena, jogurten ekoizpena abiatuz. Bide ausarta, besteak beste, fermentuak Parisen erosi behar zirelako eta Donostiara ekarri, kontrabandoz.
Egun, yogurten ekoizpenarekin jarraitzen dute, eta XXI. mende honetan, Arantxa eta bere ahizpa dira erreleboari heldu diotenak. Bejondizuela!
Hau guztia ezagutu ondoren, baserria ezagutzeari heldu genion. Hain zuzen ere, ganaduaren ukuilua, behi esnea baita baserri honetan ekoizten diren yogurten lehengai nagusia.
140 behi, bi ukuilutan. Ukuilu bakoitza bi espazioetan banaturik, alde bat jateko eta bestea atsedenerako. Zaindutako elikadura bat, pentsurik gabea. Abeltzaintza intentsiboan gertatzen ez den bezala, 10 urte inguru betetzen dituzten behiak. Adinarekin, esnealdi bakoitzean ekoizpena gutxitzen bada ere, kalitatea hobetzen da, eta horren aldeko apustua lehenesten du Goenaga enpresak.
Honetaz gain, teknologiaren presentzia ere oso nabarmena da behiak biltzen diren espazioan. Bilketa prozesuaren urratsak erabat mekanizatuak daude: errapeak garbitu, behiak jetzi, eta prozesua amaitzeko errapeei yodoa eman. Eta hau guztia gertatzen den bitartean, ordenagailu batek biltzen den esne kopuruari dagozkion datuak jasotzen ditu.
Jasotako esnea, deposituetatik pasteurizatzera pasatzen da, fermentuak gehitu eta 4-5 ordu ondoren yogurta eginda geratzen da.
Nola ez, yogurt hauek probatzeko aukera ere izan genuen, eta zalantzarik gabe, baieztatu genuen yogurtak egindako lan bikainaren emaitza direla.
Beraz, bisita borobil-borobila izan zen. Gozatzeaz gain, asko ikasi baikenuen. Eskerrik asko Pokopandegi baserrikoei!