Dagoeneko hilabete pasa da Balearen Bidea aurkeztu genuenetik eta bisitari asko izan ditugu. Are taldea osatzen duten eskolak gonbidatu genituen eta aste honetan bertan Zarauzko Orokieta Herri Eskolako LH5. mailako ikasleekin bidea egin dugu.
Ainhoa Zumeta zuzendariak ibilbideko geldiune bakoitzean lekuari buruzko xehetasunak eman zituen. Honetaz gain, DBH4ko ikasleek, kontatutakoa argiago ulertzeko, pasarte batzuk antzeztu zituzten, esate baterako: herriko plazan saregileak sarea konpontzen, arrantzara joateko prestatzen ziren arrantzaleak, balea agertu zenean herrian sortu zen iskanbila, Piliku plazan Maria Maestrarekin egoteko aukera ere izan zuten eta berarekin “Bertso txiki bat” abestu zuten.
Bidean zehar azalpenak euskaraz entzuteaz gain, QRtako audioekin beste hizkuntzetan ere azalpenak jaso zituzten zarauztarrek. Izan ere, hainbat hizkuntza entzuteko aukera ematen du bideak. Umeek gustura entzun zituzten Orioko historia errusieraz, katalaneraz, arabieraz, galizieraz… Hunkigarria izan zen batzuren aurpegiak ikustea beren ama hizkuntzan azalpenak entzun zituztenean.
Bidearen azken zatian eguraldiak asko lagundu ez zuen arren, azken azalpenak aditu eta zarauztar eta oriotar, denok batera, Balearen bertsoak abestu zituzten autopista azpian.