STEAM proiektu interdisziplinarrek alor zientifikoak, hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika integratzen dituzte. STEAM proiektuaren barruan, diru partida bat lortu zuen eskolak, eta horri esker zientzia gela bat sortzeko aukera izan genuen aurreko ikasturtean. Alazne Sanchez eskolako gurasoarekin elkarlanean egin ziren zientzia gela sortzeko lanak. Berarekin hizketan egon gara, eta honakoa kontatu digu:
Eskolako gurasoa eta Ubera guraso elkarteko kidea zara. Zer moduz sentitu zara auzolanean?
Guztion onerako lan egiteko modu bat dela pentsatu behar dugu. Iruditzen zait horrelako lanetan beste arlo batzuetako jendearekin erlazionatzen zarela, eta denok ikasten dugula guztiongandik, bakoitzak ahal duena emanez, oso esperientzia positiboak direla iruditzen zait.
Zein dira eskolan egin dituzun lanak?
Hasierako ideia eskolako espazio bat egokitzea zen, premia jakin batzuekin, korronte arkitektonikoek eta hezkuntzaren barruko metodologia aktiboek ahalbidetzen zizkiguten onura guztiak ustiatzen saiatuz. Koloreekin, altzarien antolamenduarekin, argiarekin, materialekin… jolastu dugu, ikasgelaren berezko eskakizunei erantzunez. Zaraguetako goxotasuna zientzia gela berri batera eraman nahi genuen, non ikasgai ezberdinak landu daitezkeen eta ikasleek aktiboki parte hartzen duten, betiere, eskolaren proiektu pedagogikoa abiapuntutzat hartuta.
Zein formakuntza jaso duzu horretarako?
Guraso elkartearen bidez, ikasgeletako arkitekturaren garrantzian espezializatutako ikastaro bat egin ahal izan nuen UEUn. Ni arkitekto teknikoa eta dekoratzailea naiz, baina inoiz ez nuen planteatu ikasgeletan sentimendu edo sentsazio jakin batzuk pizteko aukera zegoenik. Hori lortzeko, altzariak gela barruan banatu eta antolatu behar dira, baita kolorea edo argitasuna aintzat hartu ere. Duela gutxi arte ez zen kontuan hartzen, ikastetxe guztiak berdinak ziren. Orain arkitektura eta interiorismoa lantzearekin ikasleak motibatzea edo erlaxatzea lortzen dugu. Oso interesgarria da.
Zerbait gehitu nahiko bazenu…
Ez dago plazer handiagorik ikustea zuk hainbeste denboran diseinatu, pentsatu eta landu duzun zerbaitek bizia hartzen duela, eta besteentzat gozatzeko gune bat bihurtzen dela. Gainera, gozatzen dutenak zure seme-alabak badira, poztasun sentsazioa are handiagoa da.
Eskerrik asko, Alazne!