Itzulpen
automatikoa

Agur ikasle maiteok!

Agurtzeko eguna izan da udako lehendabiziko egun hau eskolan. Ikasturte honetako azken eguna izan dute gure ikasleek, eta oso berezia izan da, batez ere, DBH4ko ikasleentzat.

Eguerdian agur ekitalditxoa egin da frontoian. Lehendabizi DBH3koek agurra dantzatu diete zaharragoei, ondoren bi bertso kantatu dizkiete eskolako ikasle eta irakasle guztiek, tutoreak argazkitxo bana eman die DBH4koei oroigarri gisa, eta bukatzeko, “Negua joan da ta” elkarrekin abestu eta diplomak banatu dizkiete ikasleei eta irakasleei. Urtero bezala, hunkigarria izan da. Ikasle eta irakasle ohi batzuk ere etorri dira, eta txikitatik eskola honetan pasa dituzten urteak bere marka laga dute, ikasleen agur hitzetan antzeman den bezala.

Agur ofizialaren aurretik, ordea, kalejira aparta egin dute pasiloetatik HHko ikasleek: Asier trikitixan, Ibai irakaslea eta Amaia panderoan, eta erraldoiak eramaten LHko Luka eta Bathie; gustura ibili dira, gora eta behera eskolako txikienak.

Horrenbestez, agurtu dugu aurtengo ikasturtea. Ondo-ondo pasa oporrak!