[elhuyar_lang_selector]

Eskola irauliz

Orioko Udalak, Eihera kooperatibarekin eta herriko eragileen laguntzarekin, Orioko Hezkidetza Diagnostikoa aurkeztu zuen joan zen urtean. “Ur bazterretik” zuen izenburu diagnostikoak, eta esparru askoren artean, hezkuntza formala ere aztertu zuten. Atal horretan beste hainbat erronkekin batera, ezinbestekoa jotzen zen irakasleen formakuntza. Eskolaren jardunean, hezkidetza lantzea eta programak berrikustea ezinbestekoa den heinean, ikastetxeek ere argi zuten ez dutela eraginkortasunik izango irakasleen inplikazio eta formakuntzarik gabe.

Behar horretatik, ikasturte honetan, Eiherako Kattalin Minerren eskutik hiru formazio saio jasoko ditu Zaraguetako klaustroak. Aste honetan jaso zuen lehenengoa, eta teoria feministen oinarri bat jaso ondoren, eskolan sumatzen dituzten zenbait desberdinkeria jarri zituzten mahai gainean irakasleek.

Bestelako arloetan nola, hezkuntza sisteman ere ematen dira generoaren araberako botere-harreman eta askotariko jarrera sexistak. Horretan dihardu Eiherak azken urte hauetan, ezinbestekoa baita, gaztetatik feminismoa lantzea indarkeria matxista prebenitzeko, LGTBI+fobia sahiesteko, neska eta mutilekin tratamenduak bereizten jakiteko eta abar eta abar.