Itzulpen
automatikoa

Mikel Zubizarreta: “Eskolan funts bera mantentzen da: ikasleenganako ardura, gertutasuna, eta euskara eta herriarekiko lotura”

Mikel Zubizarreta Albizu (Orio, 2004) eskolako ikasle ohia da, eta praktiketan aritu da azken hilabete hauetan LH3-ko gelan, Ane Garcia Alonso tutorearekin. Bere esperientziaren berri galdetu diogu Mikeli.

-Zein oroitzapen dituzu zure ikasle garaietaz? 

Zaragueta Herri Eskolan ikasle izan nintzen garaiaz oso oroitzapen onak ditut. Oso eskola hurbila, familiarra eta segurua bezala gogoratzen dut, non irakasleek ikasle bakoitza ezagutzen zuen eta giro atsegina nagusitzen zen. Ikasteaz gain, balioak transmititzeari garrantzi handia ematen zitzaiola sentitzen nuen, esaterako, errespetua, lankidetza eta elkarbizitza. Oso gustura joaten nintzen eskolara, eta gaur egun nire lagunik onenak diren asko bertan ezagutu nituen. Ikastetxe desberdinetan ikasteko aukera izan dut, baina ez dut zalantzarik gustuen eta erosoen sentiaraztea eragin didan ikastetxea Zaragueta dela.

-Zer eta non ikasi zenuen gero? 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu eta gero, Zarauzko Oteitza Lizeora eman nuen urratsa Batxilergoa burutzeko. 2 urte egin nituen han, eta, jarraian, Donostiako Deustuko unibertsitatera pasa nintzen, Lehen Hezkuntzako gradua ikastera. Gaur egun, bertan jarraitzen dut, eta azken urtea bukatzen ari naiz, hori dela eta, aukera izan dut hiru hilabetez Zaraguetan praktikak egiteko.

-Praktiketan aritu zara azken hilabetetan eskolan, zerrek eman dizu atentzioa? Gauza asko aldatu al dira zuen garaietatik? 

Praktiketan nengoela, gehien harritu nauena irakasle taldearen inplikazioa eta elkarlana izan da. Ikasleen ongizatea eta ikaskuntza erdigunean jartzen dituen eskola dela ikusi dut. Nire ikasle garaitik hona gauza asko aldatu dira: metodologiak berritu dira, teknologia gehiago erabiltzen da eta ikasleen aniztasunari modu kontzienteagoan erantzuten zaio. Hala ere, eskolaren funtsa bera mantentzen dela iruditzen zait: gertutasuna, euskararekiko eta herriarekiko lotura eta ikasleenganako benetako ardura.

-Unibertsitatetik zatoz, eta ikasten eta ikusten ari zarenetik, zeintzuk dira zure ustez hezkuntzaren erronka nagusiak gaur egun? 

Nire ustez, hezkuntzaren erronka nagusietako bat ikasle guztien beharrei erantzutea da, aniztasuna aberastasun gisa ulertuta. Horrez gain, motibazioa mantentzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta ikasleak gizarte aldakor batean moldatzeko prestatzea funtsezko erronkak dira. Era berean, hezkuntza komunitate osoaren (eskola, familia eta ingurune) arteko lankidetza indartzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.

-Zer esango zenioke guraso den bati gure eskolaz? 

Guraso bati esango nioke Zaragueta Herri Eskola haurra modu integralean zaintzen eta hezten duen eskola dela. Ikasle bakoitza pertsonatzat hartzen duena, bakoitzaren erritmoak eta beharrak errespetatuz. Giro bero eta seguruan, euskaraz eta balio sendoetan oinarritutako hezkuntza eskaintzen du, herriarekin eta ingurunearekin lotura estua mantenduz. Zalantzarik gabe, konfiantzazko eskola bat dela esango nioke.