Larunbatean, Zaragueta Herri Eskolako jaia ospatu genuen. Eguna orain arteko zuzendaritza eskertu eta hurrengo taldeari ongi etorria emateko aprobetxatu zuen Ubera familia elkarteak.
Guraso eta ikasle andana bildu zen eskolan larubat goizean, giro beroa somatzen zen. Alde batetik, gurasoak eta DBH3ko ikasleak sukalde lanak egiten aritu ziren. Bestalde, 11:00etan ekitaldi nagusia hasi zen: HHko eta LHko ikasleek beren dantzak aurkeztu zituzten, oso txalotuak izan ziren.
Emanaldien bukaeran, zuzendaritzak eskertza beroa jaso zuen Ubera Familia Elkartearen eskutik. Datozen lau ikasturtetan jardungo den zuzendaritza berriak ere ongietorria jaso zuen. Ibai Esoain guraso eta bertsolariak eginiko bi bertso kantatu ziren. Une hunkigarria izan zen eta emozioak ederki azaleratu ziren.
Jaiak gerora ere jarraitu zuen: pintxo dastaketa, herri bazkaria, bingoa, dantza… Eskolako ama den Carmenek laguntzaile batzuekin prestatutako paella eta eta hainbat kulturetako postreekin osatu zen bazkaria. Jan ondoren bingoan ibili ginen ume eta helduak, eta eguraldiak lagundu ez arren, herri kiroletan ere aritu ziren, oso arratsalde polita pasa zuten umeek. Azkenik, soka tiran lehiatu ziren helduak eta haurrak.



