Apirilaren 30ean DBH4ko ikasleek Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak antolatuta “Donostiako Oroimen historikoaren ibilbidea” egin zuten.
Ikasleek zuzenean ezagutu zituzten, Gerra Zibilean, 1936ko estatu kolpetik frankismoa amaitu arteko gertaerekin zerikusi estua izan zuten Donostiako gune eta kokaleku garrantzitsuak. Aukera aparta izan zuten hiriko historia ezagutzeko, eta oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketen berri izateko.
Easo plazako kioskoan elkartu ziren eskolatik joandako ikasle-irakasleak eta antolakuntzak jarritako gida. Bertan ibilaldia hasi, eta geldialdiak egin zituzten ondorengo lekuetan:
• Garai bateko suhiltzaileen eraikineko sotoa (Gatazka belikoen-gunea)
• San Jose ikastetxea (Atxiloketa-gunea)
• San Martzial 48-50 (Bonbardaketa-gunea)
• Txurruka kalearen eta Askatasunaren hiribidearen arteko izkina (Bonbardaketa gunea)
• Maria Cristina hotela (Gatazka beliko-gunea)
• Nautikoko pasabidea (Fusilamendu-gunea)
• Donostiar fusilatuen omenezko eskultura (Oroitzapen-gunea)
Ordu eta erdiko ibilbidean ikasleek Donostiako oroimen historikoa ezagutu zuten, giza eskubideen urraketen gaira hurbildu ziren, eta ikastetxetik kanpo historia modu interaktiboan lantzeko eta haiengan jarrera kritikoa sustatzeko bide izan zuten.