Mugikorraren eta bestelako gailuen erabileraren inguruko kezka handitzen ari da egunetik egunera. Kezka horren erakusle dira Hezkuntza Sailak Ikastetxeetan telefono mugikorren erabilera erregulatzeko aurkeztu duen egitasmoa eta Altza Burua gurasoen mugimendu berria.
Eskolak urteak daramatza gai hau ikastetxean lantzen, LHn eta DBHn ematen diren sentsibilizazio eta segurtasun tailerrekin, besteak beste. Ikasleek barneratuta dute ezin direla eskolan mugikorrak erabili, ez bada irakasleak aginduta beharrezkotzat jotzen ikasgelan programatutako jarduera didaktikoak garatzeko.
Zentzu horretan, eta mugikorraren gehiegizko erabilerak haurrengan eta nerabeengan dauzkan arriskuak gero eta larriagoak direla ikusita, eskolan neurri batzuk hartu dira gailu hauen erabilera jaisteko:
- Batetik, AJA edo barne araudia zorroztu da. Aurrerantzean ez da posible izango eskola eremuan eta eskolako ordutegian mugikorra soinean eramatea ere. Ez ekartzea gomendatzen da, eta ekarri ezkero motxilan sartu eta ixilean eduki beharko da.
- Bestetik, geletan ziberjazarpena edo telefono mugikorren eta bestelako gailuen bidezko abusu-egoerak prebenitzeko jarduketak egiten jarraituko da.
- Gurasoei haurren adinaren araberako gidak helaraziko zaizkie, etapaka, sentsibilizazio lan bat egiteko, besteak beste, mugikorrak ahalik eta beranduen erosteko, edo eta ahal den arduratsuen erabiltzeko. Hemen dituzue gidak euskaraz eta gidak gazteleraz
- Irakasleen formazioan segi ziberbizikidetza, zibersegurtasuna, adimen artifiziala eta digitalizazio gaiekin; nola eskolako formazio plan propioaren baitan, hala Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen berariazko formazio saioetan ere.