Euskal Autonomi Erkidegoko eskoletan 80ko hamarkadan hizkuntza ereduak ezarri aurretik, Orioko Zaragueta Herri Eskolan haurrak euskaraz hezi eta hazteko beharra eta gogoa piztu zen 70. hamarkadan. Familia, eskolako langile eta beste pertsona batzuenborroka eta lanari esker, aurten beteko dira 40 urte Zaragueta Herri eskolan lehen ikasle taldeak bere ikasketak euskara hutsean egiteko aukera lortu zuenetik. Ordutik hona ere bidea gorabeheratsua izan da, zaila, oztopo eta une gazi-gozoz betea. Baina merezi izan du.
Herritar haiek ereindako haziari esker, harro esan dezakegu Zaragueta Herri Eskolan Orioko haurrak euskara hutsean hezten eta hazten ditugula. Horregatik , 1977an hasitako bidearen 40. urteurrena ospatzera goaz.
Ikasturte osoan zehar aurrera eramango dugun egitaraua prestatzen ari gara, eta izango duzue haren berri. Baina ospakizunei hasiera emateko irailaren 22an arratsaldeko 17:00etan ilusio handiz prestatutako hasiera ekitaldia ospatuko dugu Zaragueta eskolan.
Hazia erein zenutenak, 40 urtetako bide luze honetan partaide izan zareten familia,langile, ikasle, herritar eta oriotarrak : Gonbidatuta zaudete, zatozte ospatzera, zer ospatua badago eta!!!