Sindikatuek greba deialdia egin dute datorren asteazkena eta ostegunerako Martxoaren 14 eta 15erako.
Ohar honen bitartez jakinarazi nahi dizuegu Zaragueta Herri Eskolako irakasleek horrela erabaki dutela grebaren aurrean:
- Haur Hezkuntzako irakasleen %100ak greba egingo du.
- Lehen Hezkuntzako irakasleen %94ak greba egingo du.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleen %75ak greba egingo du.
Ikastetxean zerbitzu minimoak izango dira, hau da, zuzendaritzako pertsona bat.
Kaixo familia,
Datorren martxoaren 14 eta 15rako greba eta mobilizazio deialdiak egin dira. Oraingoan ere garrantzitsua deritzogu familiek ezagutu ditzazuen zeintzuk diren arrazoiak eta aldarrikapenak.
Egungo hezkuntza publikoaren egoera larria da eta buelta emateko oinarri-oinarrizko neurriak eskatzen ditugu. Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa deritzogu berdintasun eta kalitatezko hezkuntza eskubidea bermatzeko neurri eta baliabide nahikoa izatea eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea Irakasleen artean. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egiteko neurri zehatzak ezartzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari.
- Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
- EAEko hezkuntza publikoko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu behar dira kolektibo ezberdinetan
- Bataz-beste ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztu behar da, 6.000 lanposturik gora egonkortuz kolektibo ezberdinetan
- Gelako ikasle kopurua %10 murriztu behar da.
- Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratu behar da.
- Ordezkapenak lehen egunetik egitea premiazkoa da.
- Bajak bere osotasunean ordaindu behar dira, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.
- Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.
- LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
- Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri…).
- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
- Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.
Lan-baldintzak hobetu eta hezkuntzaren oinarrizko beharrak eta garapena bermatzeko milaka langile eta herritarrek eginiko oinarrizko aldarrikapen hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio borondaterik agertu.
Egoera honetan, ezinbestekotzat jotzen ditugun aurrez zerrendaturiko gure eskaerak bideratzeko, mobilizazio dinamika areagotzea funtsezkotzat jotzen dugu. Horregatik, martxoaren 14 eta 15an berriro ere grebara deitzen dugu, oinarrizko deritzogun aldarrikapen hauen babesean eta guztion eskubide eta bizi-baldintzen defentsan.
Aldez aurretik mila esker!