Leire Iruretagoiena eta Kristina Olasagasti, HHko Leire eta Kristina, elkarrizketatu ditugu. Urte asko daramatzate eskolan lanean, eta haurren gaineko begirada ez da gaur goizekoa. Eskolaren dinamika eta aukeren inguruan galdetu diegu.
Gure eskolak nola bideratzen du eskolaratzea?
LEIRE IRURETAGOIENA: Egokitzapena da umea seguru eta egokituta sentiarazteko bidea. Horretarako egokitzapena planifikatu egiten dugu. Planifikazioaren helburua da umeak eta familiak irakasle eta espazioarekin lotura egitea. Helburua, umea eta familia etxean bezala sentitzea baita.
KRISTINA OLASAGASTI: Gaur egungo haur eta familia kontutan hartuta bideratzen du eskolak eskolaratzea, malgutasunez eta modu atsegin batean.
Zergatik da garrantzitsua?
L.I.: Umea seguru sentitzen den momentuan hasten delako bera den bezalakoa azaltzen. Seguru dagoen momentuan izango du gaitasuna bere interes eta beharretatik bidea egiteko. Horregatik, helduarekin atxikimendu afektiboa lortzea oso garrantzitsua da guretzat.
K.O.: Haurra ondo egokitzeko, pozik eta gustura etortzeko eskolara, zoriontsu izateko.
Mugimendu autonomoa zer da? Ze onurak ikusten dituzue? Zergatik hautatu duzue mugimendu autonomoa metologia?
L.I.: Mugimendu autonomoa da ume bakoitzak aukeratzea bere behar eta interesen arabera zertan ibiliko den, non eta norekin. Lortzen duguna da ume bakoitzaren erritmoa eta ezaugarriak errespetatzea eta ibilbide propioa egitea. Horretarako dauzkagu ondo pentsatutako ekosistema ezberdinak.
Mugimendu autonomoan umea da bere hezkuntza prozesuaren protagonista eta ardatza, eta maisu-maistrak bere bidelagunak gara. Bide hori egiteko beharrezkoa duen segurtasuna emango diona, eta beharrezkoak dituten baliabideak eskura jarriko dituena. Ekosistema horiek haur bakoitzaren beharrak asetzeko pentsatuta daude, umeak bere garapeneko prozesuan aurrera egin dezan.
Mugimendu autonomoa urteetan zehar egin dugun bide bat izan da. Maisu-maistrak urtez urte joan gara formatzen eta aldaketa txikiak egiten. Urtez urteko lanketa honen ondorioz iritsi gara gaur egun ezarrita dugun metodologia honetara.
Nire sentsazioa da haur bakoitza hobeto ezagutzera iritsi garela, eta ume bakoitzaren beharretara hobeto iristen garela.
K.O.: Umea mugimendu autonomoan dabilenean berak aukeratzen du zein ekosistemara joan eta zer egingo duen bertan. Umeak txikitatik erabakiak hartzeko ardura eta aukera izango da. Elkarbizitza printzipioak errespetatuz. Umearen osotasunean garapena lantzeko metodologia oso egokia iruditzen zaigulako.
Zergatik joaten zarete astean bi aldiz psikomotrizitate gelara?
L.I.: Guretzat psikomotrizitatea oso garrantzitsua da. Bertan lortzen dugu umea ezagutzea. Ez da jolasean ibiltzea bakarrik, lan pedagogiko handia egiten da psikomotrizitate gelan. Psikomotrizitate gelan umea ezagutzera eta zein behar dituen ulertzera iristen gara. Abiapuntua hori izanik, haur bakoitzak behar duen laguntza eskaintzeko aukera ematen digu espazio honek.
K.O.: Umearen mundu emozionalak bere garapenean eragin handia du eta psikomotrizitate gelan emozioen mundua bete betean lantzen da, bere beldurrak, haserreak, sentimenduak, beharrak…
Psikomotrizistaren behaketan inguruan zer daukazu esateko?
L.I.: Guretzat psikomotrizitatean hain garrantzitsua delako, urtero haur eta irakasleek psikomotrizitate profesional baten aholkularitza jasotzen dugu. Horrela, irakasleok laguntza handia jasotzen dugu haur bakoitzaren ibilbide pertsonalean lagundu ahal izateko.
K.O.: Beti adituen ikuspegia beharrezkoa eta garrantzitsua dela umeari laguntzeko.
Zergatik daramatzazu horrenbeste urte Zaraguetan lanean?
L.I.: Zaraguetako hezkuntza ereduan sinisten dudalako. Eskola goxoa eta gertukoa da. Giro ona dago haurrekin, familiekin eta baita irakasleen artean ere. Famili handi bat gara.
K.O.: Ikasleak gustura sentitzea nahi dugu, ezta? Ba ni, berak bezala, gustura sentitzen naizelako, eta bat natorrelako hemen lan egiteko moduarekin, elkarlanean.