Eskola hobeto ezagutze aldera, guraso batzuk elkarrizketatu ditugu galdera honen atzean zer dagoen jakiteko. Bi zatitan aurkeztuko ditugu bildutako erantzunak. Hona hemen, lehendabizi, haur txikiak dituzten gurasoena: Idurre Lizarralde, Nagore San Sebastian, Xabier Altuna eta Leire Alcala.
Nola bizi izan zenuten zure seme-alabaren eskolaratzea?
IDURRE LIZARRALDE: Laida ez da haurreskolan ibili eta ez genekien oso ondo nola moldatuko zen. Espazioak zein langile eta ikasle gehienak ezagutzen ditu (anaiak 8 urte ditu eta eskolan egoten gara askotan), baina guregandik banatze hori ez genekien oso ondo nola bizituko zuen/genuen.
Gure kasuan, hilabetea behar izan dugu egokitzeko; lehenengo astean bertan egoten ginen, bigarren astean 30 minutu ateratzen ginen, hirugarren astean pixka bat gehiago… Poliki-poliki ateratzea lagungarri egin zaigu, pixkanaka egokitzen joan garelako. Berak eskuarekin agur egin arte eta lasai geratzen zela ikusi arte ez ginen joaten (gure kasuan horrela egiteko aukera izan dugu, ni eszedentzian nagoelako).
NAGORE SAN SEBASTIAN: Hasieran urduritasuna, poza, kezka… hainbat emozio genituen. Haurrak bere denbora hartu zuen gelakideak ezagutzen eta espazioa esploratzen. Egun gutxitan nabaritu genuen geroz eta erosoago sentitzen zela, eta lasaitasun horrekin, eta irakaslearekin adostuta, gure presentzia gutxitzen joan ginen.
XABIER ALTUNA: Eskola berrira joateak beldurrak sortzen dituen arren, uste baino hobeto joan zen guztia. Izan ere, haurreskolari ahalik eta segida handien ematen saiatzen dira eta horrek, haurraren erritmoak errespetatzea eta esku hartze pertsonalizatua izatea esan nahi du. Beraz, oso gustura eta etxean bezala sentitu ginen hasieratik.
LEIRE ALCALA: Prozesua oso goxoa izan zen eta gure (familiaren) beharretara egokitu zen. Nire semea modu progresiboan geroz eta denbora gehiago pasatzen hasi zen gelan bere kasa, ama/aita gabe, eta azkenean, prest ikusi genuenean gu kanpoan gelditzen hasi ginen.
Egokitzapeneko galdetegia gustatu zitzaizun? Irakaslearekin izandako bilerak?
I.L.: Egokitzapeneko galdetegia egokia iruditu zitzaigun arren, garrantzitsuago iruditu zitzaigun, hasierako egun horietan, irakaslearekin izan genuen aurrez-aurreko bilera. Uste dugu irakasleari ere lagungarri zaiola familia ezagutzea, etxeko martxa zein den jakiteko.
N.S.S.: Beharrezkoa da lehen kontaktua egiteko eta bakoitzaren berri izateko.
L.A.: Galdetegia oso erabilgarria iruditu zitzaidan, tutoreak nire semearekiko zalantza guztiak argitzeko. Lasaitasun handia eman zidan aukera hori erabiltzeak elkar ezagutzeko, xehetasun asko emateko aukera egon zelako.
Nola sentitu duzue umea egokitzapenean?
I.L.: Laida lasai ikusi dugu egokitzapenean. 18 lagun elkartzen dira gelan eta aldez aurretik hiruzpalau besterik ez zituen ezagutzen. Hala ere, elkar ezagutuz joan dira eta hori astetik astera nabaritzen zen.
N.S.S.: Ondo egokitu denaren sentsazioa izan dugu, irakasleak ere horrela esan zigun. Egunetik egunera ikusi dugu eboluzioa, irakaslearen partetik goxotasuna jaso du denbora guztian, horrek asko lagundu dio egokitzen.
L.A.: Hasieran nire ondoan gelditzen zen denbora luzez, baina irakasleak bere konfiantza erraz irabazi zuen, goxatu zuen, ipuinak irakurriaz, adibidez. 3. egunetik aurrera ni gabe denbora gehiago pasatzen hasi zen.
Zainduta sentitu zarete guraso bezala?
X.A.: Guraso moduan, eta familia moduan, oso zainduta sentitu gara une oro. Haurraren garapena nola doan ikasturte osoan zehar transmititzen joan dira hezitzaileak. Beti begirada sentikor eta errespetuzko komunikazio batetik abiatuta. Gainera, ikasturtean zehar sortzen ziren zalantza eta esku hartzeko hainbat estrategia ere eman dizkigute, haurraren garapen osasuntsu eta integral bat bermatzeko asmoz.
I.L.: Laida triste jartzen zenean edo luze egiten ari zitzaionean, irakaslearen telefono deia jaso dugu, eta arreta hori eskertzekoa da. Familia bezala oso zainduta sentitu gara. Elkarlaguntza dago irakaslea-familia eta familia-irakaslearen artean. Gertutasunak eta konfiantzak elkartu gaitu. Giro hori txikienek antzematen dute.
N.S.S.: Ondo, bi irakasleak momentu guztian gurekin hitzegin eta adosten dituzte erabakiak. Sortzen diren gorabeheren berri ematen digute, ez bakarrik koadernoaren bidez, telefonoz ere deitu izan digute, edo korreo elektronikoa ere erabiltzen dugu komunikatzeko.
L.A.: Ondo, irakaslearekin harremana oso gertukoa izan da beti. Arratsaldero berarekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta zentzu horretan eskolako errealitatetik oso gertu sentitu gara.
Ikasturtean zehar sortutako ezinak (gaixoaldiak, pardelen trantsitua, hizkuntzaren garapena…) lagunduta sentitu zara?
L.A.: Bai. Hasieran, pardela kentzen hasi ginenean komunera joateko eskatuko ote zuen kezka nuen baino segituan ikusi nuen irakasle eta hezitzaileek oso maiz eskaintzen zietela eta, gainera, beste lagunak komunean ikustea ere oso lagungarria egin zitzaion. Betiere, gelatik ateratzerako irakasle-gurasoen arteko komunikazioa izateak asko errazten du dena.
Irakasleak egunero betetzen duen koadernoa baliagarria ikusten duzue? Ikasturte hasierako bilerak?
I.L.: Tutorearen eta familiaren aurrez-aurreko bilerak oso dira baliagarriak, lagungarriak eta beharrezkoak. Batez ere, elkar ezagutzeko. Izan ere, xehetasun asko ezin dira koaderno batean bildu: bizipenen deskribapenak, sentimenduak, emozioak, izaeraren inguruko xehetasunak… Zentzu horretan, asetuta eta lasai gaude. Eskertzekoa da elkar-ezagutze prozesuan eskolaren gertutasuna eta dinamika parte-hartzailea (familia-irakasleak-ikaslea).
N.S.S.: Kuadernoak asko laguntzen du informazio orokor bat izateko. Eskolara egunero joaten ez garenontzat, eta irakasleekin zuzenean egoterik ez dugunontzat, beharrezkoa. Ikasturte hasierako bileran irakaslea ezagutu genuen, eta ikasturtean zehar helburua zein den azaldu zigun. Nire beldurrak eta zalantzak entzun zituen, jarraipen bat egingo zuela adostu genuen.
L.A.: Bai, irakaslearekin harremana oso gertukoa izan da beti. Arratsaldero berarekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta zentzu horretan eskolako errealitatetik oso gertu sentitu gara.
HH2 hastean oso txikiak dira oraindik eta zer jan duten, nola lo egin duten eta eguneko gorabeherak jakitea eskertzen dugu, gure txikiak dira eta. Haurreskolatik gentozenak horrela ohituta geunden eta nire ustez haurreskola-eskola aldaketa hori goxoagoa bihurtzen laguntzen du.
Zer iruditzen zaizue eskolako metodologia? (Mugimendu autonomoa eta gelak ekosistemaka)
X.A.: Eskolako metodologiari erreparatuz, oso egokia da. Haurrak beren interesen arabera gela batera edo bestera joan daitezke lanketa ezberdinak egitera, txokoen moduan, baina gela oso bat horretarako egokituta. Horrela, haurrek egiten dituzten lanketak benetan esanguratsuak dira, beren interes eta nahietatik abiatutako baitira. Gainera, metodologia honek, haur bakoitzaren erritmoak errespetatzeko aukera ematen du, bakoitzak bere ibilbidea egiteko aukera eskaintzen baitu.
L.A.: Pozik gaude ikusten ari garenarekin. Gure semeak bere erreferentziazko gela dauka eta eguneroko errutinak, agurrak eta topaketak oso barneratuta dauzka. Talde txikia dira eta irakasleak oso ondo ezagutzen ditu. Aldi berean, gelaz gela ekosistema ezberdinetan mugitzeak beste gelako umeekin ere harremana izateko aukera ematen dio, esploratzeko, berak gustuko duen horretan jarduteko…
Bigarren ebaluazioan psikomotrizistak sartzen dira ikasleak behatzera, zer iruditzen zaizue?
N.S.S.: Pribilegioa dela iruditzen zait, gure haurrak profesional batek behatzeko aukera izatea, arreta goiztiarra izatea.
I.L.: Eskolako metodologia egokia iruditzen zaigu. Astean bitan salto gelan ibiltzen dira eta ikasturte erdi aldera psikomotrizista batek ebaluatzen ditu, zer gehiago eskatu dezakegu? Ezin gara kexatu! Gainera, eskolako kanpo-espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzen dute aukera dagoen aldiro.
X.A.: Oso garrantzitsua iruditzen zait horretarako espazioa eskaintzea. Haurrek etapa honetan jolasaren bidez deskubritzen dute mundua eta psikomotrizitateko gela jolasaren bidez beraiek sentitzen duten hori adierazteko gune aproposa da. Izan ere, bizitzan dituzten oztopo eta beldurrei aurre egiteko jolas sinbolikoa erabiltzen dute haurrek etapa honetan, eta psikomotrizitateko saioak horretarako egokituta daude. Haur bakoitza bera den bezalakoa izateko leku bat da, sentitzen duen hori adierazteko gune bat, onartua eta ulertua sentituko dena, bere nortasuna eraikitzeko. Horretarako, mugimendutik, hau da, gorputzetik abiatu eta sentimendu eta pentsamendura igaroko dena, egiten duen horren inguruko kontzientzia hartzeko.
Beraz, oso leku garrantzitsua da psikomotrizitatea gela, eta gainera psikomotrizista espezializatu batekin lanketa hau egiteko aukera izatea benetan aberasgarria da haurrentzat. Saio hauen bitartez berak ikusiko baitu haur bakoitza nola dagoen eta esku hartze berezi bat egin beharko litzakeen ala ez.
L.A.: Psikomotrizitate gela gehien gustatzen zaion gunea da, zalantzarik gabe. Gorputzaren garapenerako eta baita jolasean aritzeko gune bikaina da eta, horrez gain, psikomotrizisten figura izateak gure seme-alaben garapenaren inguruko informazioa eskuratzeko aukera ematen digu. Oso positiboki baloratzen dut.
Zer iruditzen eskolako kanpo-espazioak: baratza, parkea, hondartza…?
I.L.: Hasierako egun horietan eguraldi zoragarriak egin zituen eta ia egokitzapen osoa parkean egin genuen, gelatik kanpora. Eskolako jolas-ordua hamaiketan izaten da, eta parkean egoten ginenez, sarri HHn eta LHn dauden anai-arrebak gerturatzen ziren bisita egitera eta jolastera. Momentu polita eta aldi berean, hunkigarria; zelako besarkadak eta muxuak ematen zituzten. Dena berria denean etxekoen eta gertukoen babesa ikaragarri estimatzen dute txikienek.
Kanpo-espazio zoragarria du eskolak, eguraldi txarra dagoenean ere, rokodromoa eta frontoia daude. Txikiek mugimendua behar dute eta hasierako egun horietako urduritasunak baretzeko oso lagungarria izan da kanpo-espazioa: menditxoetan gora eta behera ipurdikoak hartuz, zuhaitzetako zabutik jaitsi nahi ez, iturriko urarekin jolasean…
N.S.S.:Aberatsa. Egokitzapeneko egun askotan kanpoan ibiltzeko aukera izan zuten, parkera ateratzeak ematen dien askatasuna izugarria da. Eskolaren kokapena dela eta, espazio asko txikitatik ezagutu eta erabiltzeak jakituri handia ematen diela esango nuke.
X.A.: Eskolako kanpo espazioak oso aberasgarriak dira haurrentzat. Naturarekin kontaktu zuzena izateak onura izugarriak ditu haurren garapen osasuntsuan. Baratzean, parkean, frontoian, aldapa eta tuneletan, hondartzan… hainbat ikaskuntza esanguratsu ikasteko aukera ematen dute.
Gainera, sozializatzeko testuinguru aproposak dira, adin ezberdineko eta kultura ezberdineko haurrekin batera egoten diren espazioak direlako eta, ondorioz, asko ikasten dute elkarrengandik.
L.A.:Inguruak ez du parekorik. Beste zentro askotan ibili izan naiz eta ez dut horrelakorik ezagutu, zorte handia dugu. Umeak askatasuna behar du, mugimendua, aire librean ibiltzea. Hori guztia hemen dugu eta eskertuta gaude, gure semea zoriontsua da.
Zer diozue eskolako zerbitzuez? Garraioa, jangela, goizeko zaintza zerbitzua?
L.A.:Nik garraio zerbitzua azpimarratuko nuke, egunero erabiltzen baitut. Gu herrian bizi ez garen arren, autobus zerbitzua bermatuta dugu taxiaren bitartez. Zerbitzu hau berria da Orion eta gure auzoko 6 ikasle dira taxiak jasotzen dituenak Igeldotik Oriorako bidean egunero. Oso erosoa da niretzat une honetan.
I.L.: Familien beharrei erantzuteko oinarrizko zerbitzu horietaz gain, beste hainbat eskaintzen ditu Zaraguetak. Izan ere, garraioa, jangela eta goizeko zaintzatik harago, psikomotrizista zerbitzua, eskola-kirola (LHn), baserritar jantzien mailegua, urtebetetzeen ospakizunak, euskara ikastaroak familientzat… egiten dira. Hala, familien zein ikasleen artean sortzen diren premiei erantzuten zaie.
N.S.S.: Garraioa gure kasuan zerbitzu berria da, auzoetan bizi diren haurrek orain arte ez zuten zerbitzu bat lortu du eskolak, guraso askorentzat oso lagungarri zaiguna. Zaintza zerbitzua ere erabili izan dugu, beharrezko izan dugu hainbat alditan. Biak asko baloratzen ditut.
X.A.: Eskolek eskaintzen dituzten zerbitzuak, gaur egun bizi dugun bizimoduaren ondorioz, beharrezkoak dira familia askoentzat, eta Zaraguetak familia mota guztien beharrak betetzeko zerbitzuak eskaintzen ditu. Autobusa eskolara joateko, jangela, zaintza zerbitzua. Zerbitzu horietan lan egiten duten pertsonak eskolaren parte dira eta beraz, guztien arteko komunikazioa eta elkarlana oso egokia da. Zerbitzu mota bakoitzean haurrak oso gustura egoten dira eta etxean bezala sentitzen dira.
Zergatik hartu zenuten Zaraguetako bidea?
L.A.: Hasteko, Zaraguetak duen kanpo-espazioa ez dugu beste inon topatzen: lasaia eta naturarekin harremana bermatzen duena. Eskolak duen tamaina eta ikasle kopurua ere positiboki baloratu izan dugu beti: talde txikien goxotasuna, denok elkar ezagutzea… Eta bukatzeko, ni eskola publikoaren aldekoa naiz, ez nuen zalantzarik izan.
I.L.: 8 urteko gure semea bertan dabil eta Laidarekin ez genuen zalantzarik izan. Zaragueta bizi-bizirik dagoen familia bat da, etxeko giroa somatzen da: goxotasuna, hurbiltasuna, elkarlaguntza…. Horrela sentitzen dugu. Hori dela eta, gure hautua Zaraguetako bidea jarraitzea izan da.
N.S.S.: Eskolak eskaintzen duen lasaitasuna, bai kanpo espazioak ematen duen jokoa eta gela barruan dagoen gertutasuna. Eskola txikia, goxoa eta euskalduna delako.
X.A.: Eskola publiko baten alde egiten dugulako apustu. Guztiek dutelako eskubidea hezkuntza aberasgarri bat izateko eta horretarako eskola publikoaren alde egin behar da borroka. Horretaz gain, Zaragueta eskola euskalduna izateaz gain, beste kulturen leku ere bada eta hori oso aberasgarria da haurren garapen osasuntsurako. Bizikidetza, elkarbizitza, kulturartekotasuna eta errespetuen balioak bermatzen dituelako.