DBH2ko ikasleak eta Baigorriko Jean Pujo kolegioko 4.mailako ikasleak “Joan-jin, menditik itsasora” proiektua bururatu dute aste honetan. Baigorrikoek bi egun pasa zituzten Orion, eta oriotarrek beste bi Baigorrin. Berehalakoan ahaztuko ez zaien trukea izango da aurtengoa, hondartzako korrikaldiek eta errekako bainuek errematea eman diena.
Urtarrilean eman zioten hasiera trukeari, elkarri gutun bana bidaliz. Gutunak, eta bertako jaki goxo batzuk ere bai, Mikel Markezek eraman eta ekarri zituen, Baigorrirako egindako joan-etorri batean. Ondoren, udaberri partean, herria eta baleari (bailara baxe-nafarrez) buruzko aurkezpen bana prestatu zuten taldeka. Oriotarrek herriari buruzkoa, eta baigorritarrek inguruko herriei buruzkoa, han elkartzen baitira Banka, Irulegi, Aldude, Urepele, Ortzaize, Arrosa eta Baigorriko ikasleak. Ekainaren hirugarren astean eman diote errematea trukeari. Baigorriarrek asteko lehendabiziko bi egunak igaro zituzten Orion, eta asteazkenan elkarrekin joan ziren Baigorrira beste bi egun pasatzera.
Baigorriarrek, Zarautzen surfa egiteaz gain, Balearen Bidea egin eta Udaletxea bisitatu zuten Orion. Oriotarrek, pilotan eta ping-pongean ibiltzeaz gain, Erramun Martikorenari bisita egin zieten bere auzoan. Horrela, ekainaren 20an, elkar agurtu eta etxeratu ziren oriotarrak. Aurretik, ordea, Irulegiko irratikoek elkarrizketa egin zieten ikasle, irakasle eta Erramuni. Hementxe duzue elkarrizketa eta zenbait argazki. Baigorriarrek dioten bezala, biziki gustura ibili dira denak.