Azken egun hauetan ikasle ohien bisita izan dugu eskolan. Batzuek Unibertsitateko lauhilekoaren amaiera aprobetxatu dute eskolara etortzeko, eta beste batzuek, Batxilergoan izan duten aste beteko oporraldia dela medio etorri dira eskolara.
Den-denek batxilergoa egitearen esperientzia bizitu edo bizitzen ari dira. Gehienak Zarautzen ari dira ikasten, edo Zarautzen ikasi dute eta orain Donostian ari dira unibertsitatean.
Irakasleek eskatuta, DBH4ko gelara sartu ziren batxilergoko bi ikasturteetan sentitutakoaz hitz egitera, eta aurretik duten ibilbide akademikoei buruzko xehetasunak ematera. Izan ere, orientatzailearen laguntzarekin, oraintxe ari dira aurrerantzean zer egin nahi luketen pentsatzen, aurki egin beharko baitute DBH4koek hurrengo ikasturterako aurrematrikula. Zentzu horretan, bikain etortzen zaie berak baina zaharragoek izan duten esperientzia ezagutzea: zein modalitatea aukeratu duten, zer hautazko ikasgai, zein zailtasun izan dituzten, zein lan ohiturak dituzten, nola antolatzen diren, zein ikasgaiek puntuatzen duen gehiago eta zeinek gutxiago…
Ez dago esan beharrik, irakasleek ere oso gustura hartzen dutela ikasle ohien bisita. Izan dituzten gorabeherak aditu eta hobetzeko proposamenak kontuan hartzen dituzte beren irakasle jarduna hobetze aldera. Nahi dutenean etorri bitez berriz, ateak zabal-zabalik dituzte eta.
