Itzulpen
automatikoa

Hainbat eskolek Zaragueta bisitatu dute

Zaraguetan egiten dugun kontzientzia fonologikoaren lanketa dela eta, hainbat eskolen bisita izan dugu aste honetan. Zaraguetan egiten dena abiapuntu gisa hartu nahi dute.

Asteazkenean, azaroaren 5ean, hainbat irakasleren eta berrikuntza arduradunen bilgune izan zen Zaragueta eskola goizean zehar. Hezkuntza Sailaren Eraldatzen programaren barruan dauden eskolak elkartu ziren, zehazki, Irakurketa HHn eta LHn azpisarea osatzen duten hamar eskolatako profesionalak bildu ziren.

Gure eskolan garatzen ari garen irakurketa estrategia bertatik bertara ezagutzea zen helburu nagusia. Hain zuzen, HHn eta LHko 1. zikloan kontzientzia fonologikoa nola lantzen dugun erakutsi zien Karen Tejado Sánchez-ek (Zaraguetako berrikuntza arduradunak) gure eguneroko praktika eta sortutako baliabideak azalduz.

Ikerketek baieztatzen dute ahozkoaren ezaugarriak bereizteak lotura zuzena duela arrakastaz irakurtzen ikastearekin. Hori horrela, oso lagungarria zaio umeari ahozko ekoizpenean dabilzkigun hitzak, silabak eta fonemak bereiztea eta, hain justu, horretan oinarritzen dira kontzientzia fonologikoaren jarduerak.

Euskal Hezkuntza Sistemaren Irakurketa Estrategia oinarri hartuta, irakurketaren inguruko plangintza aurrera eramaten ari gara, pauso sendoak emanez. Horren adibide da aurreko urtean jasotako formakuntzek (Belinda Harorena eta Berritzegunearena) inpaktu zuzena izaten ari direla geletako jardunean.  Lanean jarraituko dugu alor horretan, adituen eta beste eskolen ekarpenak aintzat hartuz eta lankidetzan aritzeko konpromisoz.