Hezkuntza saila Inklusioaren lerro estrategikoaren baitan Laguntza intentsiboko programak sortzen ari da Eskola publikoaetan. Horietako bat Zaraguetan sortu du DBHko ikasleentzat.
2024-2025 ikasturtearen hasieran nobedade handi bat izan genuen eskolan. DBHko gela berri bat jarri genuen:Aniztasuna funtzionala duten ikasleak eskolatzeko gela. Bizitza ulertzeko era desberdina duten ikasleek erabiltzen dute gela hau. Bertan, ikasle bakoitzak bere premien araberako heziketa jasotzen du. Bost ikasle daude. Goizero taxian etortzen dira Zumaiatik eta Zarauztik.
Talde anitz honi arreta ematen lan talde oso bat ari da lanean irailetik. Hiru irakasle terapeutiko (PT) eta hezitzaile bat: Itziar, Ane, Iker eta Aitziber. Gainera, praktiketako bi ikasle ere egon dira gure artean: Julen eta Kattalin.
Beren egunerokoan, hainbat jarduera egiten dituzte, gehienak autonomia eta komunikazioa lantzeko. Jarduera horiek piktogramen bitartez sekuentzializatuta aurkezten dizkiete.
1. ESKOLAN LANAK EGITEN: Ikasleen ezaugarriak eta beharrak kontutan hartuta, eduki desberdinak landu dituzte: egunerokoa (eguna, hilabeteak, eguraldia, egingo ditugun ekintzak…), hizkuntza eta komunikazioa (agurrak, nahiak eta beharrak adieraztea, komunikazio arau sinpleen kontzientziazioa, egunerokotasuneko eta gai desberdinetako hiztegia, kontzientzia fonologikoa, …), matematika (zenbakikuntza, eragiketa sinpleak, simetria…), psikomotritate fina (moztu, pintzak erabili…) eta irakurketa besteak beste. Bakarko lanaren osagarri gisa, material manipulatiboa, pantaila digitala eta tableta ere erabiltzen dira.
Arlo akademikoaz gain, hainbat ardura ere bete behar dituzte. Adibidez, bazkaltzeko garaian, mahaia jarri eta jaso, menua ipini eta bazkaria jangelatik ekarri. Higienea ere kontutan hartzen da, beraz, bazkaldu aurretik eskuak garbitu eta ondoren hortzak, eskuak eta aurpegia garbitzen dituzte.Gelako konbibentziarako ere taldeko arauak dituzte.
2. IKASGAI OSAGARRIAK: Astean behin Arte Hezkuntza, Musika eta Gorputz Hezkuntzako saioak izaten dituzte, Leire, Inaxio eta Ainara irakasleekin. June logopeda ere etortzen da astero gelara.
3.PSIKOMOTRIZITATE GELA: Bazkaldu baino lehen, sarritan, psikomotrizitate gelara joaten dira. Gustuko dute gela hau, lan eta arauez beteriko eguna eta gero, barrua lasaitzeko leku aproposa baita. Izugarri maite dute kulunpioan ibiltzea, kojinekin eraikuntzak egitea, sokekin zirkuitoak sortzea, kilimak egitea, izkutaketara jolastea, txiribueltak egitea, eta abar.
4. ORIOKO IGERILEKUA: Astean bitan Orioko kiroldegira joaten dira igeriketa ikastaro bat egitera. Lehenengo zatian, ariketa gidatuak egiten dituzte piszina handian: hankak mugitu, besoak mugitu, aletekin igeri egin aurreraka eta atzeraka… horiek bukatzean piszina txikian jolas librean aritzeko aukera izaten dute koltxonetetan, pilotekin, uztaiekin…
Igeriketaz gain, autonomia eta higienea lantzeko bide ematen digu ekintza honek. Izan ere, aldagelan arropa kendu eta jantzi, dutxatu, gauzak motxilan gorde… Berek bakarrik egitea da helburu nagusiena, baina askotan dispersatu egiten dira eta egin beharrekoa jarraian burutzea asko kostatzen zaie. Horregatik erabiltzen ditugu piktogramekin eginiko sekuentziazioak, euskarri bisualak lagundu egiten baitie zer egin behar duten ikusteko.
5. SUKALDARITZA:
Ikasturtea aurrera joan ahala sukaldaritza saioak egin dituzte, errezeta ezberdinak prestatuz. Kasu honetan ere autonomia lantzeko asmoz, sukaldera igo aurretik gelan lanketa bat egiten da. Batetik, beharrezko osagai eta tresnak identifikatzen dira eta bestetik, errezeta aurrera eramateko zein pausu jarrituko diren zehazten da. Hauek ere piktogramen laguntzaz eigten dira, sukaldean daudenean, ahalik eta modu autonomoenean jardun daitezen.
Hauxe da eramaten den prozesua:
- Asteko errezeta azaltzen zaie, eta osagaiak zeintzuk diren
zehazten dira, koadernoan idatziz edo piktoa itsatsiz, ondoren
erosketetako zerrenda prestatu ahal izateko. - Erosketak egitera joaten dira herriko dendetara. Autonomia,
komunikazioa eta inguruaren ezagutza lantzeko aukera
eskaintzen die ekintza honek.
- Sukaldera joan aurretik, errezeta aurrera eramateko jarraitu behar diren
pausuak zein diren lantzen da gelan. Behin sukaldera igota, eskuak
garbitu eta koadernoa aurrean dutela, errezetaren pausuekin,
kozinatzen hasaten dira. Amaitzean dena txukun eta garbi uzteko unea
izaten da.
Honen guztiaz gain, oso gustukoa dituzte paseoak eman eta parkean ibiltzea. Beraz, eguraldiak laguntzen duen bakoitzean, kalera irteten dira haize pixkat hartzera. Lan aparta ikasle eta irakasle guztiona, bai horixe!