Euskal hezkuntza sistemako irakurketa estrategia (2024-28) aurten argitaratu du Hezkuntza Sailak. Bertan, hiru ardatz lantzen dira: irakurtzen ikasi, ikasteko irakurri eta irakurzaletasuna. Era berean, gozamenerako irakurketa eta ohitura sustatu nahi dituen E-librum proiektu pilotuan parte hartzen ari gara Zaraguetako DBHn.
Azaroan, “Banakako irakurketa” ekimena hasi dugu: egunero 20 minutuz isilean irakurtzea. Aldez aurretik prestatutako egutegiari jarraituz, ikasgai guztietan eskaintzen zaio tartea norberak aukeratutako liburua irakurtzeari. Ikasleek ez ezik irakasleek ere ekarri dute gustuko libururen bat, izan nobela, ipuinak, komikiak… Batzuek etxetik ekarri dituzte, edota herriko zein eskolako liburutegitik maileguan hartuta. Gustura hasi dira ikasleak eta urtean zehar bide horretatik jarraituko dugu, irakurtzea zaletasun bihurtze aldera.