Itzulpen
automatikoa

ARE aurkeztu dugu

Gaur, eguerdiko 13:00etan, Lizardiko Ikaslab aretoan ARE taldearen aurkezpen ekitaldia izan da. Bertan izan gara ARE taldea osatzen dugun hainbat eskoletako komunitateko kideak, eta baita hainbat elkartetako ordezkariak ere, besteak beste, Amaia Urzelai Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde ordezkaria, Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Hezkuntza zinegotzia, Arantxa Aldalur Zarauzko Udaleko Hezkuntza teknikaria, HEIZEko lehendakari Josu Etxaburu, Berritzegune Nagusiko ordezkari Begoña Otxoa eta eskola horietako ikuskarien ordezkari Rafa Bergaretxe.

 

Baina zer da ARE?

Haur eta gazteek berdinengandik ikasten duten bezala, guk ere urrutira joan gabe, ondoko eskoletatik zer ikusi eta zer ikasi bagenuela konturatu ginen eta horretarako topagune bat ere bada ARE. Taldean ari gara, osotasun beraren parte garelako. Eskualdeko Eskola publikoak traineru berean goaz, elkarrekin aurrera.
Gure ibilbideek bat egiten duten puntua Lizardi izanda, lizar bat marraztu dugu irudiaren erdian: “lurrak eta zeruak lotzen dituen zuhaitza da lizarra, izarretarako bidea” (Jakoba Errekondoren hitzak). Bi urterekin, oraindik ume diren haurrek norbere herrian abiatzen dute ikasle bidea: Aian, Getarian, Zarautzen ala Orion. Haurtzarotik heldutasunerako bidean, ordea, guztiek bat egiten dute Lizardin. Etxe izan dituzten eskolak agurtu eta aukera berrien bila abiatzen dira institutura.
Bost eskola publikoak elkartzen gaituen irudiarekin batera, gure izenetan bat egiten duten hizkiak elkartzetik sortu da izena ere. Horrela bada, gure talde izaeratik talde izena atera dugu: ARE.

Helburu berak lortzeko lanean ari garenok indarrak batzeko unea da: elkarrekin ARE gehiago gara. Hezkuntzaz ari gara eta dagokion arduraz eta mimoz zaindu behar dugu etapa bakoitzerako egiten dugun hezkuntza eskaintza, baita hauen arteko trantsizioak ere. Eta erronka horri, elkarrekin erantzun hobea emango diogu, zalantzarik gabe. ARE kostaldean sortu da, eta guretzako harearen, hondarraren soinua ere bada. Baina hurbil du “sare” hitza ere.

Elkarlan honek sustraiak sendotu, eta hazten jarraitzeko indarra ematen digu amesten dugun kalitatezko Euskal Eskola Publikoa eraikitzeko lanean jarraituz.

Nagore Etxabe Iturzaeta eskola zuzendariaren azalpenak bideo honetan.