Oriotik atera eta Murillo de Gallego herrira joan ginen, Piriniotara. Bertan rafting egin genuen eta esperientzia ikaragarria iruditu zitzaigun. Rafting-a egin ostean, Agüerora abiatu ginen eta multiabentura deitzen dioten istorio bat egin genuen: tirolinak, eskalada, zubi tibetanoak… Tirolinak asko gustatu zitzaizkigun, eta baita eskalada ere, nahiz eta altuerak inpresio handia ematen zuen. Suertez, ez zitzaigun ezer gertatu, izan ere gure monitoreak oso trebeak ziren. Ekintzak bukatu eta gero, Calafell-era joan ginen, mediterranear kostara; hantxe genuen hotela.
Bigarren eguna
Bigarren eguna Bartzelonan pasa genuen, eta mapa interaktibo baten bitartez bertako toki nabarmenenak ezagutu genituen. Ondoren, denbora librea izan genuen bakoitza bere kabuz ibiltzeko. Hotelera iristean afaldu, prestatu eta denak batera gure ondoko hotelera joan ginen, diskotekara. Beste eskola batzuetako ikasleekin egon ginen, itzela izan zen.
Hirugarren eguna
Portaventuraren eguna. Nola ez, atrakzio askotan ibili ginen, eta gehien gustatu zitzaiguna altuera handiena zuena izan zen: Ba al dakizue zein atrakziori buruz ari garen? Shambhala, bai. Hotelera bueltatu, eta gau hartan ere, jakina, diskotekan ibili ginen.
Azken eguna
Azken egunean ez dizuegu kontatuko zer egin genuen, hain zuzen ere, “arriskutsu” xamarra izan zelako. Pim, pam, pum!
Bukatzeko, esan nahiko genuke oso oroitzapen polita geratu zaigula. Gainera, ikasturte osoan egindako lanagatik, esan beharrik ez dago ondo merezia genuela. Espero dugu, Zaraguetako hurrengo urtekoak gu bezain ondo pasa ahal izatea.
Nora Aissa, June Askargorta eta Lander Lazkanotegi