Aste honetan, Nazioarteko Euskararen Eguna igaro berritan, euskararen inguruko hausnarketa saioak egin ditugu hainbat taldetan. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin lankidetzan, LH2 eta DBH2. mailan beren eguneroko hizkuntza ohituren inguruan hausnartzen jardun dira Goizane Arana UEMAko kidearen eskutik.
LH2n, “Ispiluaren aurrean” izeneko tailerra egin zuten: haurrek zein hizkuntza ohitura dituzten (parkean, eskolan eta etxean) identifikatu zituzten, eta saioaren bigarren zatian, bertaratutako gurasoei azaldu zizkieten ateratako ondorioak. Besteak beste, gurasoak euskararen erabilera sustatzeko duten gaitasunaz ere aritu zen Goizane.
DBH2n euskararen egoera soziolinguistikoaz aritu ziren: euskarak duen posizioaz mundu mailan, Euskal Herri mailan dauden egoera desberdinez, Urola Kosta eta Orioko egoeraz. Bukatzeko, bakoitzak ze erabilpen maila duen aztertzeko jolas bat egin zuten.

