Ekainaren 10ean Zaragueta Herri Eskolako LH6ko ikasleek egun handia izan genuen Bilboko Guggenheim Museoan. Urte osoan Maider Lopez artistarekin landuriko “Egun adina zeru” lana erakusgai ipini zuten, beste bost ikastetxerekin batera: Barakoldoko Juan Ramón Jiménez, Zeberioko Zubialde, Eibarko Arrate Andramari, Laudioko Gamuza eta Alonsotegiko eskola.
Iritsi bezain laister, areto nagusian museoko zuzendari nagusiak, Miren Arzallusek, ongi-etorria egin zigun ikasle eta irakasleoi. Hitz onak entzun eta gero, Iruñeako Nazioarteko Dantza Garaikide Taldeak besarkadari loturiko obra bat dantzatu zuen, espreski egun horretarako prestatua.
Lehen ekitaldia amaitu ostean, eskola guztien artelanak ikustera joan ginen, eta ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Gero, antolatzaileek emandako hamaiketatxoa jan genuen museoaren ondoko parkean. Egun ederra igaro genuen, eta artista batzuen grinaz itzuli ginen Oriora.
Eskerrik asko antolatzaileei eta Guggenheim museoari, izugarri ondo sentitu ginen. Eta, nola ez, joan zaitezte erakusketa ikustera, irailaren 21 arte egongo da zabalik!
LH6ko ikasleak
