Itzulpen
automatikoa

Karen Tejado: “Kontzientzia fonologikoa irakurketaren oinarria da”

Karen Tejado Sanchez (Orio, 1986) eskolako irakasle da orain dela zortzi urtetatik. Magisteritza egin eta Entzumena eta Hizkuntzan espezializatu zen, eta lan horretan aritu da harik eta iaz eskolako Berrikuntza Arduradun izendatu zuten arte. Zuzendaritza eta irakasleekin elkarlanean, Esti Azpiazu DBHko irakaslearekin batera osatzen du eskolako berrikuntza pedagogiko taldea.

 

-Azken bi ikasturteetan Berrikuntza Arduradun lanetan zabiltza eskolan. Zein da zehazki zuen lana? 

2024-2025 ikasturtean hasi nintzen HH eta LHko Berrikuntza arduradun lanetan. Izatez, 2019-2020 ikasturtetik eskolako EHI Entzumena eta Hizkuntzako Irakasle espezialista naiz.

Berrikuntza arduradunon eginkizun nagusia ikaskuntza berritzeko prozesuak eta proiektuak berritu, sustatu eta koordinatzea da. Irakasleekin batera, hainbat lanekin ari gara:

  • HH ikasleek geletan kontzientzia fonologikoa lantzeko programazioa diseinatu dugu, eta praktikan jartzen ari gara.
  • LHn, ikas-egoera berriak diseinatzen ari gara: ebaluazio hezitzailea, irakurketaren ulermena, Orioko Currikuluma eta konpetentziak oinarri dituztenak.
  • Ikasturte honetan pentsamendu konputazionala lantzeko robotika eta programazio desentxufatua oinarri duten praktikak egiten ari gara LHko bigarren eta hirugarren etapetan.
  • LHko 1.zikloan, HHko kontzientzia fonologikoaren programazioari jarraipena ematen ari gara.

 

-Eskolaren ardatz pedagogiko nagusienetakoa irakurketaren lanketa da. Non kokatzen da kontzientzia fonologikoa?

Irakurketaren estrategiak hiru ardatz ditu: irakurtzen ikastea, ikasteko irakurtzea (alegia, ulermena hobetzea) eta irakurzaletasuna.

Azkeneko urteetan azaleratutako premiei erantzun nahian, Hezkuntza sailak “Euskal Hezkuntza Sistemarako Irakurketa Estrategia” 2024-2027 diseinatu du. Irakurketa estrategia hori aipatutako hiru ardatzetan egituratzen da eta kontzientzia fonologikoa lehenengo ardatzean kokatzen da: irakurtzen ikastean alegia. Fase hau Haur Hezkuntzan hasten da eta Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklo amaieran edo bigarren ziklo hasieran amaitzen da gutxi gorabehera.

 

-Zergatik kontzientzia fonologikoa eskolan?

Ahozko hizkuntza naturala da, mintzamena biologikoa da. Irakurketa aldiz, uste dugu berez ikasten dela, baina hori ez da horrela, ez da naturala. Gure garuneko konexioak berregituratu egin behar izan dira trebetasun berri horri aurre egiteko.

Ahozko hizkuntzaren garapena oso garrantzitsua da. Ahozko hizkuntzaren garapen egokia lortzea da irakurketaren eta idazketa prozesuaren hasiera eta oinarria, ikerketa zientifikoek erakusten duten bezala.

Haurrek ahozko hizkuntzaz jabetu behar dute, entzuten dituzten esaldiak hitzek osatzen dituztela ohartu behar dute, ondoren, hitza silabetan bereizten dela ohartu behar dute, eta azkenik, hitz hori soinuetan segmentatuta dagoela jabetu behar dute. Garrantzitsua da ulertzea prozesuaren ordenak hori izan behar duela.

HHn, ahozko hizkuntzaz jabetu eta irakurtzen ikasteko, jarduera sekuentzialak garatzea eta aurrera eramatea da edozein ikasleri eman dakioekeen erantzunik eraginkorrenetakoa. Horixe diote ebidentzia zientifikoek, eta horretan ari gara.

 

-Nolakoa izan da kontzientzia fonologikoaren inplementazioa? 

2024-2025 ikasturtean programazioak diseinatzen hasi ginen, HH3tik HH5era. Programazio horren diseinuaren oinarria izan dira ahozko hizkuntzaren garapenaren adituen liburuak, artikuluak eta ikerketak.

Aditu horien artean Belinda Haro dago, eta haren programazioa hartu dugu oinarri gurea diseinatzerako garaian. Aurreko ikasturtean eskola Belinda Harorekin harremanetan jarri zen eta formazio saio batzuk jaso genituen bere eskutik. Pribilegio bat izan zen guretzat.

 

-Nola egiten duzue ikasleekin esku hartzea? 

Ikasturte honetan sistematizatu dugu ahozko hizkuntzaren garapena, hori lortzeko 2024-2025an ikasturtean eskolako diagnosia egin genuen, diagnostiko hori irakasleekin partekatu genuen eta denon artean gure beharrak identifikatu genituen.

Diseinatu dugun programazioa hilabeteetan banatzen dugu. Hilabete bakoitzak helburu batzuk planteatzen ditu, eta ariketa praktiko ezberdinak, ikasleek helburu horiek lortu ahal izateko.

Programazioa diseinatu genuenean konturatu ginen ebaluazioa ere txertatu behar genuela, modu horretan ikasle bakoitza ahozko garapenaren zein puntutan dagoen identifikatu eta erregistratzen dugu eta horrek ematen digu bidea zailtasunak gainditu eta aurrera egiteko.

Ikasturte honetan, egindako lan hori guztia praktikara eramaten ari gara. Entzumena eta hizkuntzako beste irakasle bat daukagu gurekin, eta bera HHn eta LHko  bi mailetako geletara sartzen da diseinatutako ahozko hizkuntzaren garapenaren programazioa praktikan jartzera. Astean hiru saio eskaintzen dizkiogu ahozko garapen espezifikoari. Ikasleak oso gustura egoten dira eta aurrerapenak ikusten ari gara.

Belindaren formakuntzaren eta ebidentzia zientifiko ezberdinen ikerketak irakurri ondoren, 2024-2025 ikasturtean eskola mailan hainbat erabaki hartu genituen. Alde batetik, eskolako hiztegi bateratua sortzea. HHik LHra fonema bakoitza hiztegi berera egokitu dugu, eta ahal izan den hizkietan, Orio herriarekin lotu dugu: O-Orio, N-Niki …

Bestetik, LHra iristen direnerako irakurketa-idazketa txosten berriak sortzen ari gara irakurketa-idazketa eraginkorragoa bilatuz. LH lehenengo etapan, ikasleak zuzenean ikasten dute hizki xehea eta lotua irakurtzen eta idazten.

Irakurketa lantzeko bikoizketak egiten ditugu, talde erdia liburutegira joaten da eta bertan ahoz gorako irakurketa egiten du irakaslearekin. Irakasleak ahoz gora irakurtzean entonazioa, abiadura, puntuazio-markak… egoki erabiltzen ditu eta ikasleei eredu egokia erakusten die.

Modu horretan, irakurritakoaren ulermena ahoz lantzen dute eta irakasleak irakurritakoaren galderak egiten ditu: nola? zergatik?…. baita inferentziazko galderak ikaslearen ulermena eta ahozkotasuna hobetzeko.

 

-Zaragueta Herri Eskola Eraldatzen sarearen barruan dago. Zer egiten duzue lankidetza horren baitan?

Gure eskola irakurketa-idazketa azpi sarean sartuta dago. Eraldatzen sarearen barruan, erkidegoko hainbat ikastetxe biltzen gara Gasteizen.

Aurreko ikasturtean Euskal hezkuntza sistemarako Irakurketa Estrategia izan genuen ardatz eta “irakurtzen ikasi” estadioari heldu genion.

Ikasturte honetan lurraldearen arabera banatu gara eta arduren banaketa egin dugu “irakurtzen ikasi” estadioari itxiera emateko. Gipuzkoako eskolek HHko kontzientzia fonologikoari amaiera emango diogu aurten. Zaraguetak aurreko ikasturtetik programazioa egina zuenez, Eraldatzen azpisareko hainbat ikastetxe eskolara etorri ziren kontzientzia fonologikoa nola lantzen dugun ikustera.

 

 

Programazio konputazionala ere lantzen duzue. Zertan oinarritzen da?

LHn pentsamendu konputazionala ikasgai moduan lantzen hasi gara. Horretarako zientzia gela erabiltzen dugu. Ikasleak txokotan antolatzen ditugu, eta txoko bakoitzean ariketa/jolas espezifikoak egiten ditugu.

Batean, algoritmoak lantzen ditugu Bee Bot robotarekin. Ahal den kasuetan gune hau gelako momentuko proiektuarekin lotzen dugu.

Beste txoko batean, erronkak planteatzen dituen jolasak egiten ditugu.  Erronka hauetan autoebaluazioa lantzen dugu kontrol zerrenda baten bitartez. Gure helburua ikasleak frustrazioaren kudeaketan trebatzea da. Azken finean, frustrazioak motore bezala jokatu dezakeela ulertu behar dugu. Lortu ez dena lortzeko estrategia berriak bilatu, frogatu eta aurrera atera behar dira, lortu arte. Horrek frustrazioa neutralizatu eta satisfakzioarekin ordezkatzen duela ikusi behar dute ikasleek eta aurrera jarraitzeko gogoa emango die. Pentsamendu konputazionala hori da berez, arazo baten aurrean estrategia ezberdinak bilatzea arazoari konponbidea aurkitzeko.

Hirugarren gunea talde lana bultzatzen duen txokoa da. Bertan eraikuntzak lantzen ditugu, ikasleen mailaren arabera: lehenengo zikloan kanika pistak egiten dituzte eta hirugarren zikloan adibidez Gravity trax-ek eskatzen dituen erronkak burutzen dituzte talde lanean, beraien artean akordioak adostuz.

 

-Zeintzuk dira hurrengo erronkak irakurketaren inguruan? Eta berrikuntza arloan? 

Ikasleek  ahozko hizkuntza eta irakurtzen ikasteko trebetasunak ondo garatu behar dituzte irakurle konpetenteak izateko. “Irakurtzen ikasi” ardatza ondo finkatzea ezinbestekoa da ”ikasteko irakurri” ardatzera iristeko.

Bigarren ardatz honetan irakurriaren ulermena eta irakurketa eraginkorra estadioak garatzen dira. Nire ustez, gure eskolaren hurrengo erronka “ikasteko irakurri” honen sistematizazioa da. Dagoeneko lanean ari gara eta lan horretan jarraituko dugu.

Berrikuntza arloan berriz, ebaluazio hezitzailearen ardatzei heltzea dagokigu. Ebaluazio hezitzailea, ikaskuntza-prozesu oso bat bezala ulertu daiteke, non xedea ikasleak bere prozesu horren kontzientzia eta erregulazio gero eta autonomoagoa lortzea den. Oinarria, ikaslearen metakognizioa bultzatzea litzateke, egin behar dituen jardueren helburuak argi edukiz, hauek nola egiten dituen kontzientzia hartuz eta akatsak zuzentzeko beharrezko erabaki propioak hartuz. Akatsak prozesuaren atalik onuragarriena direla ulertarazi behar zaie ikasleei, horiek ematen dietelako hobetzeko aukera.

 

-DBHn ere berrikuntza lanetan ari zarete buru belarri.

Ikastetxean jorratzen diren etapa guztien artean (HH-LH-DBH) koherentzia eta kohesioa ezinbesteko direla ulertzen dugu, eta jomuga hori izanik, DBH-ko etapan ere, hainbat ardatzi tinko heldu diegu. Egunez egun, gero eta gehiago trebatzen ari gara ardatz horietan.

Alde batetik, irakurketaren lanketa daukagu; DBH-n helburua ez da irakurtzen ikastea, baizik eta, LHko goiko zikloan bezala, ikasteko irakurtzea. Beraz, irakurketaren ulermena hobetzeko eta irakurketarekin lotutako buru-prozesu guztiak elikatzeko eta indartzeko lanean ari gara ikasleek beharrezkoak dituzten estrategiak eskura ditzaten, arlo guztietan irakurketa saio estrukturatu eta sakonak eskainiz.

Jakintzek esanguratsuak izan beharra dute ikasleengan (eta hauen etorkizunean) inpaktua izan dezaten nahi baldin badugu, hau da, ezagutza sakonak eta iraunkorrak bultzatu behar dira. Eta hori lortzeko bidea ebaluazio hezitzailea dela ikusten dugu. Irakasleek zein ikasleek kontzientzia guztia jarri behar dute haien eguneroko jardunean: Irakasleek klaseen eta jardueren prestaketetan, gelako jardueren eta emaitzen behaketan zein eraginkortasuna hobetzeko planetan; eta ikasleek, jarduera bakoitzaren helburuen, garatu beharreko gaitasunen, hobetzeko dituzten aspektuen eta hobetzeko hartu beharreko erabakien ulermenean. Hori guztia bultzatzen du ebaluazio hezitzaileak eta prozesu-modu hori sistematizatzeko lanean gabiltza.

Konpetentziak ikasleek jasotzen dituzten ezagutzak baliatzeko edo maneiatzeko unean eduki beharreko trebeziak direla esan dezakegu, horregatik, zenbat eta kontzienteago izan ikaskuntza-prozesua eta zenbat eta esanguratsuagoak ezagutzak, konpetentzia horiek hobe garatuko dira. Lege berriak ikasgai bakoitzean konpetentzia horiek zeintzuk diren adierazten digu, eta gurasoak eta ikasleak ere hasi dira horiei buruz entzuten eta, poliki-poliki jabetzen.

Azken finean, ezagutzak buruan pilatzeak ez du ezertarako balio ezagutza horiekin nola funtzionatu ez baldin badakigu. Egoera sinpleena hartuta ere, hau da, norberak dituen ezagutzak besteei transmititzea, transmisio hori nola egin jakitea ezinbestekoa da, benetan eraginkorra edo efektiboa izan dadin.

Jakintzak egoera praktikoetan aplikatzea, jakintzak baliatzea hedabide batek esaten duen horren fidagarritasuna kritikoki ebaluatzeko, jakintza bati buruzko informazio egokiena bilatzea, jakintzen arteko konexioa ulertzea eta baliatzea, jakintza arazo bat konpontzeko erabiltzea… horrek guztiak gelan landu beharreko gaitasun horien trebatze sistematikoa eskatzen du, ikasgai guztiak eskutik helduta eta mailaz-maila gero eta autonomia handiagoz egin dadila bultzatuz.

Bestalde, gelaz kanpoko errealitatean edozein proiektu aurrera ateratzen denean, konturatuta edo konturatu gabe ere, diziplina ezberdinetako ezagutzak aplikatu behar izaten dira gehienetan (kamarero izan, erosketak egitera joan, arkitekto edo sukaldari izan… matematikak, kimikak, hizkuntzak, etab, uztartu egiten dira nahita nahiez) eta funtzionamendu hori gelara ekarri beharra dago, proiektu interdisziplinarren bidez. Horretan gabiltza azken hiru ikasturteetan.